You are on page 1of 4

Twitter, hedabide

Orain 400 bat urte, barrokoaren garaian, jende askok luze eta
zail idazten zuen denboran, Baltasar Gracianek esan zigun:
“Laburra eta ona, birritan ona”. Ez dakit zergatik, beti gustatu
izan zait esaldi hori, eta duen esanahia. Orain urte dezente,
Eskola Politeknikoan nenbilela, irakasle batek, Juanito Leibar,
hamabostean behin-edo orri bat ateratzen zuen, Gorabeherak
izenekoa, eskolako eta kooperatiben inguruko informazioa
zabaltzeko irakasleon artean. Bere laburrean --bertan
albisteak oso motzak baitziren-- informazio piloa eta ona
ematen zuen. Denok irakurtzen genituen Gorabeherak, goitik
behera. Harrezkero, gu ere saiatu ginen laburtasunaren
filosofia aplikatzen, Arrasate Press sortu genuenean, eta
geroago berripaperetan. Alde batetik, zerbait irakurterraza
egin nahi genuelako; bestetik, garai hartan jendea ez
zegoelako ohituta euskaraz irakurtzen. Beraz, beharra birtute
bihurtu nahi genuen. Gaur egun, nik egiten dut gure
fakultatean garai hartan Juanito Leibarrek egiten zuena Eskola
Politeknikoan: astean behin, Berriak idazten ditut, eta posta
elektroniko bidez bidaltzen diet fakultateko langile guztiei.
Astero, laupabost albiste izaten dira, labur idatzita.

Twitter
Orain lau urte, 2006an, Twitter sortu zen, eta horrek
unibertsalizatu egin du, eta muturrera eraman, Baltasar
Gracianek esandakoa: “Laburra eta ona, birritan ona”. Izan
ere, Gracianen esaldia bera izan daiteke tuit bat, azken
batean 140 karakterren barruan sartzen dena nekez joango
da izenburu bat baino harago, neurrian behintzat.

SMSen garaian jaiotakoentzat --Evan Williams eta Biz Stone


Twitter-eko sortzaileak belaunaldi horretakoak dira--, Twitter
da irtenbide logiko bat, SMSak ez bezala, Twitter-ek aukera
ematen baitie labur idatzitakoa sarean konpartitzeko,
elkarrizketa baten eran. Eta zelan Twitter-en mezuak
publikoak diren, salbu-eta zuzeneko mezuak, sortu zaigu
elkarrizketa polifoniko bat, non bakoitzak erabakitzen duen
zein mailatan parte hartu nahi duen, maila globalean edo
maila lokalean, familiari lotuta edo modu unibertsalean, edo
bietan.

Twitter-en idazteko ez da preziso izatea Axular. Bertan,


hizkuntzaren birtuosoak ez garenok ere izan dezakegu
etorkizuna, nahiz eta seguru nagoen Axularrek berak oso
gauza politak egingo lituzkeela twitteatzen hasiz gero.

Nahikoa da eskura ordenagailu bat, telefono bat, webgune bat


edo aplikazio berezi bat edukitzea, eta gauzak esateko gogoa,
twitteatzen hasteko. Beharbada denok ez ditugu gauza hauek
guztiak edukiko, denak batera behintzat, baina mirari moduko
bat gertatu da munduan: lau urtean --gogoratu Twitter
2006an sortu zela-- milioika lagun ari gara mundu guztian
twitteatzen zoroen pare, 190 milioi erabiltzaile hilean. Zer
gertatu zaigu?

Presaka
Gero eta bizkorrago bizi gara, eta gero eta konektatuago
gaude: wi-fia ia nonahi, telefono aurreratuak, ordenagailuak,
posta elektronikoa, webguneak... Elkarrizketa esparru
birtualera hedatu da: ez dugu bakarrik aurrez aurre
komunikatzen; baita telefonoz eta Internet bidez ere. Bizkor
bizi behar horretan, Twitter oso eskura datorkigu, bertan 140
karakterreko mezu laburrak idatz ditzakegu. Denetik egiten
ari gara Twitter-en:

 Jakinarazi zer egiten ari garen. Era horretara, jakin


dezakegu geure hurbilekoak zertan ari diren.
 Esan zer iruditzen zaigun interesgarri edo gogaikarri.
Hezur-haragizko munduan bezala, hemen ere oso
kontuan hartzen ditugu lagunen iradokizunak eta
gomendioak.
 Erantzun besteek esandakoari.
 Gomendatu irakurgaiak, bideoak eta audioak.
 Partekatu argazkiak (twitpic) eta audioak (twaud).
 Oihartzuna eman besteen ahotsari RT eginda.

Mezuen edukiak
2009an Pyer Analytics enpresak aztertu zuen amerikarrek
zelan erabiltzen duten Twitter, eta ondorio hauetara iritsi zen:

 Berriketa hutsala — %40


 Elkarrizketa— %38
 Lotura interesgarriak — %9
 Autopromozioa — %6
 Spama — %4
 Albisteak— %4

Hitz batean esateko, Twitter bidez parte hartzen ari gara


elkarrizketa unibertsalean. Azokan bezala, Twitter-en ere
berba egiten dugu elkarrekin, gauzak gomendatzen diogu
elkarri, haserretu egiten gara..., hau da, Twitter-ek zabaldu
egin du elkarrizketa beste eremu batera, labur eta bizkor
idazteko eremura. Eta milioika lagunek erabiltzen dugu
egunero, hainbeste zeren lau urte hauetan, Twitter
enpresaren balioa ia-ia The New York Times egunkariaren
parean jarri baita. Nik uste dut Luistxok horrekin egiten duela
amets Umap gogoan duenean.

What´s happening?
Hondamendietan Twitter primerako erreminta bihurtu da:
abioi bat jausi zenean Hudson ibaira, Mumbain izandako
erasoan, Ekuadorko estatu kolpe ahaleginean, Haitin...
informazio agentzia edo hedabide handiak martxan jarri
orduko, herritarrak aurreratu egin ziren Twitter erabilita,
askotan primerako informazioa bidaltzen. Horregatik,
seguruenik, 2009ko azaroan, Twitter-ek aldatu egin zuen bere
goiburuan egiten zuen galdera. Lehen: What are you doing?
Orain: What´s happening?

Lagunak, informazio-iturri
Kontua da Twitter sofistikatzen ari den neurrian, gu ere
sofistikatzen goazela. Horrela, Twitter-en jende interesgarriz
inguratzen bagara, informazio oso ona jasoko dugu bueltan,
zeren gure lagunak gure esku jarriko dute irakurtzen, ikusten
eta entzuten ari diren materiala, lotura bidez. Ikusten badut
Igor Leturiaren mezu bat esanez Elhuyarrek hainbat liburu
digital atera dituela euskaraz, doan eta DRM barik, nire begiak
horretara joango dira, duda barik. Baina hemen “to-ekatzu”
sistemak du indarra; eman eta jaso. Twitter-en lagun onak
dituenak informazio ona jasoko du, seguruenik. Flipboard
probatu duenak badaki zenbateraino den egia hori, aplikazio
horrek modu harrigarrian aurkezten baitu lagunek sortutako
informazioa, egunkari elektroniko bat balitz bezala.

Twitter, bestalde, primerakoa da monitorizatzeko enpresa,


elkarte edo pertsona baten ospea edo izen ona. Baita
feedbacka jasotzeko, edozein ekintza egiten ari garenean. Eta
hori guztia, ia-ia bat-batean.

Gero eta garbiago daukat: lasterka egitera noanean, zapatillak


janzten ditut, arineketan egitekoak. Era berean, motzean
idatzi nahi dudanean, Twitter-era jotzen dut. Hemen, erronka
da labur eta ondo idaztea. Baina Gracianekin amaitzeko, ez
ahaztu txarra ere ez dela hain txarra, laburra denean.

Joxe Aranzabal
Eibar, 2010.11.17

You might also like