You are on page 1of 6

GROUCHO MARXI BEHIN EGINDAKO PROPOSAMENA

(Groucho Marx aktore komikoak lehen pertsonan kontatua)

Gau batean, iluntzeko emanaldirako bibote beltza margotzen ari nintzela, antzezleen
sarrerako atezainak txartel bat eman eta esan zidan:
- Evans jauna delako bat dago kanpoan. Zurekin hitz egin nahi omen du. Garrantzizkoa
dela dio.
Tipo zuhurra izanik, galdetu nuen:
- Epaitegiko agentea da? Aseguru agentea? Zer nahi du?
Atezainak sorbaldak altxatu zituen.
- Miatu nazatela. Nik dakidan gauza bakarra da dirudun itxura daukala. Traje garestia
dakar, eta bastoia ere badu.
Ez zirudien mailegua eskatzera zetorkidan inor izan zitekeenik, eta esan nion:
- Ondo da, esan sartzeko.
Sartu eta berehala hartu nion tankera. Ivy League unibertsitatea, eta Rudgers
unibertsitate pixka bat, biak neurri egokian nahastuta. Elkarri eskua eman genion, eta
harira jo zuen, zuzenean.
- Marx jauna -hasi zen-, mundu guztiko puru erretzaile ospetsuenetakoa zara,
zalantzarik gabe.
Gogo onez onartu nion ongi merezitako konplimendu hura, eta jarraitu egin zuen.
- Herrialdeko zigarreta etxe handienaren ardura duen publizitate agentziaren ordezkari
gisa nator. Gure zigarreten promozioa egiten baduzu, mila eta bostehun dolar emango
dizkizugu. Hementxe dakartzat txekea eta kontratua.
Evans jaunak eten luzea egin, eta Amerikan egiten zen zigarretarik ezagunenaren izena
esan zuen. Dagoeneko nahaste-borraste honen zati luze samarra irakurrita zaude, eta
berehala igarriko diozu izenari. Horixe, mundu osoan ospea duen marka bat hain zuzen:
Delaney zigarretak!
- Evans jauna -erantzun nuen-, lotsagarria eta doilorra irudituko litzaidake, benetan,
mila eta bostehun dolarren truke saltzea finantza porrot sakonenetik bere kabuz
ateratzen behin eta berriro lagundu diodan industria horrekiko nire leialtasuna.
Zalantzarik ez dago munduko puru erretzaile ospetsuenetakoa naizela. Ospetsuena,
agian. Eta arrazoi horrexegatik Habanako tabako industriari sekulako traizioa egingo
nioke zigarreta bat bezain gauza nazkagarri baten promozioa egiten hasiko banintz.

Nire hitzaldi hanpatsuaren erdian, ohartu nintzen gauza zentzudun bakar bat ere ez
nuela esan ordura arte. Saltzaileak, zorionez, entzungor egin zion ergelkerien arrosario
hari, eta aurrera egin zuen.
- Ondo da. Eta traizioa irudituko al litzaizuke eskaintza bi mila eta bostehuneraino igoko
bagenu?
Burua astindu nuen. Nahiko haserre nengoen ordurako.
- Evans jauna, nire zintzotasunak ez du mugarik. Ez dago zintzotasuna dirua bezain
gauza lohi batez neurtzerik. Bi mila eta bostehunetik harago iristen da, askoz ere
urrunago. Gizonak bere bizitzan gauza bakanetakoak -jarraitu nuen- izen ona eta
erostezin izatearen ospea dira. Eta ez daukat bi mila eta bostehun dolar hutsalengatik
horiek kolokan jartzeko inolako asmorik. Eta, orain, zure baimenarekin, gau on.
Evans jaunak entzungor egin zion tontakeria jario arranditsu hari ere, eta txintik
entzun ez balu bezala jarraitu zuen.
- Eman dezagun -urruma egin zuen, maltzur- bi mila eta bostehun dolarreko txekearen
ordez bost mila dolarrekoa eskaintzen dizudala. Delaney promozioa egingo zenuke
orduan?
Bost mila dolarrena entzunda, nire zintzotasuna kolokan jarri zen, pixkatxo bat. Bost
mila dolar asko ziren. Amore emateko zorian egon nintzen, baina bota berri nuen
hitzaldi hantustearekin, ez neukan nire jarrerari eutsi beste irtenbiderik.
Evans jaun saiatua estutzen hasi zitzaidan. - Bost mila dolar diru asko da, Marx jauna.
Bi Cadillac eros zenitzake diru horrekin.
- Evans jauna -erantzun nion, harro-harro, agian ez duzu jakingo, baina badauzkat bi
Cadillac. Zertarako beharko nituzke lau?
- Ummmmmm -erantzun zuen-. Tira, anaia bakoitzari bat emateko.
Nintzen bezain luze tentetu, eta aitortu nuen:
- Anaia guztiek ditugu bina Cadillac.
- Ados -amore eman zuen-, utz ditzagun autoak. Aitortu beharra daukat ez dela erraza
zurekin tratua egitea. Ez duzu diruarekiko interesik, antza -(Ez, zera! esatekotan egon
nintzen, baina doi-doi eutsi nion)-. Beraz, beste eskaintza bat egingo dizut, nire azken
eskaintza. Hartu edo utzi. Zazpi mila eta bostehun dolar emango dizkizut paper zati
honetan zure izena jarri, eta Delaney zigarreten promozioa egitea onartzen baduzu.
Zazpi mila eta bostehun dolar aipatu zituenean, konortea galdu nuen ia. Nire tentsio apal
kronikoak maila normala harrapatu zuen ia bat-batean, eta gela biraka hasi zen.
Diruzalekeria zintzotasunaren tokia hartzen hasi zelarik, begiak jaso eta jantzigelako
atea itxi nuen, Evans jaunak ihes egingo ez zidala ziurtatzeko. Jiratu, eta begietara
begiratu nion, zuzen-zuzen.

- Ea, bada, sinatu aurretik ... ziur al zaude hau dela zure azken eskaintza?
- Halaxe da! -esan zuen-. Zazpi mila eta bostehun dolar diru askotxo da ezertxo ere ez
egitearen truke.
- Ados. Ekarri kontratua.
Arrapaladan sinatu nuen, eta Groucho Marxi ordaintzeko txeke bat eman zidan, zazpi
mila eta bostehun dolarrekoa. Txekea berehala patrikan sartu, elkarri eskua eman, eta
ateraino lagundu nion. Agur esan aurretik, patrikan bilatu eta beste txeke bat atera zuen.
Erakutsi egin zidan. Groucho Marxi ordaintzeko zen hura ere, baina hamar mila
dolarrekoa! Sekula ez dut ahaztuko txekea txiki-txiki egiten ari zen bitartean esan
zuena:
- Marx jauna, pixka bat gehiago eutsi izan bazenio, hamar mila eskuratuko
zenituzkeen!
Ez nintzen oso alai aritu gau hartan oholtza gainean.
Groucho eta ni. Groucho Marx.
Meetok, 2006. (Moldatua)

1. Groucho Marx nola jarri zen harremanetan Evans jaunarekin?

A.

Evansek atea jo zuen eta laster barruan zen.

B.

Atezainak sarrarazi zuen Evans Groucho Marxen gelara.

C.

Hitzordua zeukan berarekin.

D.

Evans zuzenean sartu zen haren gelara, ezagutzen zuen eta.

2. Evansek puru erretzaile ospetsuenetakoa zela esan zionean, zer jarrera hartu zuen
Grouchok?

A.

Ez zion onartu konplimendua eta berean jarraitu zuen.

B.

Atseginez hartu zuen.

C.

Eskertu egin zion, eta gaineratu zuen ez zuela merezi konplimendua.

D.

Une hartan gogo onez erreko zuela puro bat esan zion.

3. Groucho Marxen ustez, berak nola jokatu izan du tabako industriarekin?

A.

Porrotera eraman zuen, nahita.

B.

Ez dio ardura izan industria horren finantza egoerak.

C.

Ekonomikoki lagundu egin izan dio.

D.

Txarto begiratu izan dio, erretzaile handia izanik tabakotan asko gastatu
behar izan duelako.

4. Zelan hartu du Grouchok hasieran Evansen proposamena?

A.

Zigarretak gustura promozionatuko lituzke, baina ez dio Habanako


industriari traiziorik egin nahi.

B.

Pentsatu egingo du.

C.

Erabat gaitzetsi du.

D.

Habanako industriari traizioa egingo lioke, baina zigarretak ez ditu atsegin

5. Bost mila dolarren eskaintza entzun zuenean, Grouchok ...

A.

amore ematea erabaki zuen.

B.

zalantzak izan zituen, zer egin behar ote zuen.

C.

gehiago eskatzea pentsatu zuen.

D.

beti bezain irmo eutsi zion aurretik esandakoari.

6. Grouchoren esanetan, zenbat Cadillac dituzte Marx anaiek?

A.

Bai berak eta bai anaiek bina Cadillac dituzte.

B.

Anaia guztiek daukate Cadillac bana.

C.

Anaietako bik, bana; gainontzekoek, bina.

D.

Berak bi; anaiek, bana.

7. Zazpi mila eta bostehun dolarren aipamena entzun zuenean, zer gertatu zitzaion
Grouchori?

A.

Biziki haserretu zen.

B.

Zorabio moduko bat izan zuen.

C.

Hobeto sentitu zen, lasaiago.

D.

Konortea galdu zuen.

8. Zergatik itxi zuen atea Grouchok?

A.

Kanpoko inork elkarrizketa entzun ez zezan.

B.

Diruzalekeria zintzotasunaren mailan jarri zelako.

C.

Evansek hala eskatu ziolako.

D.

Evansi gela barruan eustearren.

9. Zenbat txeke, eta zenbatekoak, eman zizkion Evansek Grouchori?

A.

Bat ere ez.

B.

Txeke bat, hamar mila dolarrekoa.

C.

Txeke bi, bata zazpi mila dolarrekoa eta bestea hamar milakoa.

D.

Txeke bat, zazpi mila eta bostehunekoa.

10. Zenbatgarren eskaintza onartu zuen Grouchok?

A.

Zer egin ezean egon ondoren, hirugarrena.

B.

Hainbeste diru izanik, azkenean hamar mila dolarrekoa hartu zuen.

C.

Azken eskaintza zelakoan, laugarrena onartu zuen.

D.

Gero damutuko bazitzaion ere, lehenengoa.

You might also like