Discover millions of ebooks, audiobooks, and so much more with a free trial

Only $11.99/month after trial. Cancel anytime.

Goizuetan bada gizon bat
Goizuetan bada gizon bat
Goizuetan bada gizon bat
Ebook712 pages7 hours

Goizuetan bada gizon bat

Rating: 0 out of 5 stars

()

Read preview

About this ebook

"Goizuetan bada gizon bat… Hunkigarriak, bertsoak. Eta zenbat aldiz ez ote ditugu kantatu hainbat afalondotan. Izanez ere, horren ederki paratu zizkigun Mikel Laboak, hautspetik atera eta […]. Goizuetako kanta xahar horren sustrai bila, hasi banintzen hasi, jainko ttikiak bestek ez daki, zenbat buruhauste ibili izanen dudan geroztik, beste hogeiren bat urtez edo, hara eta hona, maitale liluratua bere guzizko maitearen atzetik bezalatsu…". Halatsu deskribatzen du autoreak ikerketa lan erraldoi honen abiapuntua eta garapena. Aitortu beharra dago liburu honen orrialde bakoitzean antzematen dela autorearen pasioa, grina eta jakin-mina eta asmatu egin duela ageri diren leku eta gertakari ilunez irakurlea liluratzen.

Ez da hau, hala ere, Trabukoren historia tristearen kontaketa hutsa, hori bada ere abiapuntua. Atari eder bat da bestela inongo historia-liburu marduletan ateratzen ez diren herritar xume aspaldi hildakoen grinak, maitasunak eta bizimodua ikasteko, burdinolen inguruko elezahar ilunak ezagutzeko: olajaun eta meatzarien arteko istiluak, noble eta bilau arteko espak, arrazakeriak, amodio eta gorroto kontuak, heriotzak…

Goizueta eta inguruko herri eta auzo, leku eta jendeak dira liburu honetako pertsonaia nagusi, baina aise ikus daiteke Euskal Herri berdeko beste hainbat eta hainbat herri, auzo eta jende Goizueta eta inguruko horien baitan.

Liburu hau irakurtzen duenak ez du modu berean entzungo Mikel Laboa kantari: Goizuetan bada gizon bat…
LanguageEuskara
PublisherAlberdania
Release dateJan 1, 2010
ISBN9788498681734
Goizuetan bada gizon bat

Related to Goizuetan bada gizon bat

Related ebooks

Reviews for Goizuetan bada gizon bat

Rating: 0 out of 5 stars
0 ratings

0 ratings0 reviews

What did you think?

Tap to rate

Review must be at least 10 words

    Book preview

    Goizuetan bada gizon bat - Patziku Perurena

    Goizuetan bada gizon bat

    GOIZUETAN BADA GIZON BAT...

    Trabukoren kantako misterioak

    Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen,

    guero dantzan, edo dantza ondoan

    alberdanian.

    J.B. Agirre

    © 2010, Patziku Perurena Loiarte

    © Azala eta diseinua: 2010, Antton Olariaga

    © Liburu barruko argazkiena: 2010, Patziku Perurena Loiarte

    © Argitaraldi honena: 2010, ALBERDANIA, SL

    Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

    Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

    alberdania@alberdania.net

    Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

    www.adimedia.net

    Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-053-9

    Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-173-4

    Legezko Gordailua: S.S. 774/2010

    PATZIKU PERURENA LOIARTE

    GOIZUETAN BADA GIZON BAT...

    Trabukoren kantako misterioak

    S A I A K E R A

    A L B E R D A N I A

    GOIZUETAN BADA GIZON BAT...

    Trabukoren kantako misterioak

    Antonio Zavalari eta

    aita itsutuxeari

    Uste nian ikasi huela, baina ez, oraindik ere garrantzi haundiegia ematen diek besteren esanei… Hezakean guzia ez eman izanaz damututakoan, bihur hadi inork ezagutzen ez hinduen bakardade hartara, bil hadi heure baitako isiltasunean, eta segi lanean hasiberri baten gisan, beti izanen haiz eta hasiberri.

    J.M. Lekuonak

    Bizi ditugun egunak ilunak eta nahasiak direnean, ez dago garai bateko kontuak leituz xoratzea bezalakorik.

    Leo Perutzek,

    Lehen Mundu Gerratean

    Ez uste izan ene izkribuetan, zeuk zerbait utzi gabe, deus aurkituko duzunik. Nik buztinezko ontzi hau ematen dizut, zeu zara bete behar duzuna.

    Joseba Sarrionandia,

    Ni ez naiz hemengoa.

    ESKAINTZA MODURA

    Eszenak ikusi ahalean gidoia antolatu eta, lan hau iruditan edertuko duen kamerari. Batez ere kanta honetako leku eta gertakari ilunek liluratuko zaituzten zinefilo inpresionista horri, nik hemen bihotzez bildutakoak, egunen batean, askoz ere harrimen handiagoz biribilduko dituzulakoan.

    Deus izatekotan, Urumea Errekako mendizoko ilunotan galdua, poema urratu baten hezurdura baituzu hau, isil eta mutu, nork maiteko zain, ederminez datorkizuna. Bai, den dena uzten dizut minez, zeuk haragitu zain:

    Herri koxkor xarmagarriok beren etxe, kale, erreka, zubi, mendi, baso, bide eta alor jakinekin: Goizueta, Aranatz, Zubieta, Lesaka, Artikutza, Oiartzun, Irun, Bera, Sara, Baiona, Hazparne, Ezpeleta, Larraiñe,…

    Mendibasoetako garraiobide nekosoak: Somorrostrotik Pasaiako edo Donostiako portura barkutan; handik Urumea goiti Ereñozuraino txalupatan; handik honuntz gurdiz Urraideko zubia barrena Arranbidera, Alduntzinera, Zibolara, Artikutzara, Gotzainera, Elamara… Eta alderantziz, jauntxoen burdinola handi aberatsotan landutako meatze, burdina, kobrea, beruna… nola eramaten zuten Donostiako, Pasaiako edo Baionako portuetara. Garraiolarien bideko ibilerak, gurdi hotsak, itzainen oihu eta kantuak, idien marruak eta zaldien irrintziak, edo mandazainen haserre eta ostia soinuak.

    Burdinolen inguruko elezahar ilunak: olajaun eta meatzarien arteko istiluak, noble eta bilau arteko espak, arrazakeriak, amodio eta gorroto kontuak, heriotzak… Eta baita gero gure guraso euskaldun bihurtuko zen jende arrotz askoren etorrera eta giza trafiko ilun askiak ere, nahiz gaurko baskoi usteko askok ezin sinistu: besteak beste, ijito, agot, arabiar, moro, eta abarren esklabutza eta negrerotzak ere tarteko.

    Ixilpeko merkatu, tratu eta diru faltsu kontuak… Bidasoaz gaindiko euskaldunen ibilerak, harat honata, basabide ilunotan barna, Frantziako eta Espainiako erreinuen gatazkapean, edo Nafarroa eta Gipuzkoa artekoan… Bidasoaz bi aldeetako burdinolen eta olajaunen arteko hartueman ugari bezain ilunak, kantako protagonista den Killaberri bera bitarteko dela, Larraineko eta Elamako burdinola sonatuak uztartuz.

    Iruñeko kartzela zaharreko giroa 1750 aldean, hango arratontxuak… Berdabiok ateratako bertso hunkigarriak… Goizuetatik harako bidea, zaldi gainean, lau akusatu griluz lotuekin. Bideko ostatu eta geldialdiak: Leitza, Ihaben, Otsakar… Abereen bazka, jendeen mantenu eta lotako lekuak. Goizuetako eskribau eta alkate zenaren jarrera; herriko testiguena. Inguruko jendearen esamesak: Berdabioko familiaren azken beltza… Elaman Trabukok egindako heriotza…

    Gairik gai, elkar edertuz etorriko zaizkizu eszenak txirikordan irudimenera. Zinez esaten dizut: nik hemen esandako guzia hezur hutsa litzateke, zure gogoan ondurik haragitu ezean.

    Goizueta 1959an, medikuaren etxea egiten ari zirela.

    ESKERRAK

    Deus baino lehen eskerrak eman nahi dizkiet bereziki:

    Iruñeko Artxibo Handian, eta lehen Protokoloena izandakoan lagundu nauten guziei: Juan José Martinena Ruiz, Maika Munarriz, Mari Carmen Ilarri, Javier Baleztena, Alfonso Etayo, Javier Ayesa… Eta geroztik txandaka sartu diren Ainara, Borja, Maria, Miriam, Leticia, Ruth eta langile berri maitagarri guziei. Eta nola ez, egun zorioneko batez hantxe ezagutu eta, diru faltsuen argibidean paratu ninduen Mikel Soraureni.

    Gipuzkoako Artxibo Orokorrean zein Protokoloen Artxibo Historikoan, Tolosan nahiz Oñatin, gogotik lagundu didaten guziei, eta bereziki Ana Viguera, Ana Otegi eta Ramon Martin Suquia artxibozain prestuei. Eta nola ez, Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan datuak axkar bezain xuxen argitu dizkidan Joxean Garrori eta bere ekipo zintzo osoari.

    Larraineko berri eman didan Txomin Peillen adiskideari eta batez ere Helene Iriarti. Beste aztarna batzuk atera dizkidan Noël Elorga prestuari. Andoni Iturriotz bertsozaleari, bere borondate on guziarekin Oiartzungo Aixluxetako seme izandu Lorentxo eta Laxaro Eskuderotar lehegusuei Irunen egindako elkarriztagatik, eta haien familiko argazki dotorea uzteagatik. Eta baita Hazparneko seme Gratian Etxeberriaren jaiotze agiria atera didan Xabier Elosegi saratartuari ere.

    Aranazko Eliz Artxiboan ailegatu naizenero, hango liburu guziak nire eskura paratu dizkidan Martin Legarra apaizari, eta Udaletxean lagundu didan Josetxo Urreta idazkariari. Baita Larraineko bordako Junkal Iturriari ere, Amuseneko bordako argazki xaharra uzteagatik, eta Barrazabalgo bordako Puri Leitzari ere bai, behiala elkarrizketatu nuen aita zena Grabielen erretratua emateagatik.

    Lesakako Eliz Artxiboan lagundu didaten Maximo Hernandorena bikario zena, Alfontso Gartziandia eta Pedro Laskurain apaizei, eta Salvador Yanci jaunari atzenaldera bere borondate hutsez eskaini didan Bortzirietako datu sakramentalen zerbitzu eredugarriagatik. Udaletxeko idazkari Andoni Espartzari eta bere lankideei; batez ere Modesto Maia Larretxeari bere borondate on guziarekin eman dizkidan argitasun guziengatik.

    Goizuetako Eliz Artxiboan, gai honen atzetik liluraz paratu ninduen Don Bixente Hernandorena bikario zenari, eta geroztik ateak askotan zabaldu dizkidan Don Esteban Irurtzun apaizari, eta Udal Artxiboan paper zaharrak ikusten eta kopiak ateratzen aurrena lagundu zidan Joanita San Migueli, eta geroztik lagundu didaten Miren Terese Uitzi, Mirian Arozena, eta batez ere atzenaldera maiz lagundu didan Idoia Saralegiri, erakutsi didan borondate ezin hobeagatik.

    Oiartzungo senide Lekuonatarrei, Andoni, Juan Mari… gai liluragarri honengatik beti erakutsi izan didaten interes bereziagatik, eta nola ez, Agustin Mendizabal musika ikerle finari: kantaera berriak jaso eta bidaltzen, pentagramatan ipintzen, eta liburu honen atzenean doinu desberdinak xehero aztertzen hartu duen lanagatik.

    Leitzako Herri Liburutegiko buru Jose Luis Uharteri, bere bitartekotza eta laguntza informatikoari esker eskuratu ditudan datu, dokumentu, liburu, argazki eta abarrengatik.

    R.M. Azkue handiari, Aita Donostia zorrotzari, Manuel Lekuona xaloari eta Aita Riezukoari, beren kantutegi zoragarrietan Trabukoren kanta hau ere, behin eta berriz jaso eta aztertu izanagatik.

    Mikel Laboa kantariari, Ez Dok Amairu zorioneko haren hasieratan, Euskal Herrian xokoz xoko loxorroan zeuden sentimendu xaharrok, bere ahots sorginduan kantuz berpizten horren ederki asmatu zuelakotz, tartean Goizuetan bada gizon bat delakoa ere sartuz.

    Oiartzun aldeko kantu eta kontu zaleei, bai Oiartzungo kantutegia liburuan bai Oiartzungo Kantu Zaharrak diskoan Antton Valverderen ahots noblean Berdabioren hau ere sartzeagatik.

    Eta guzien gainetik, Trabukoren bertsokontu liluragarriok gizaldiz gizaldi, bihotzik bihotz, gureganaino euskaraz ekarri dituen kantari eta kontari guziari: (ikus azkenean Eskerrak argazkitan saila)

    Atzenaldera lana hornitzeko eta txukuntzeko datuak eta argazkiak ematen lagundu didaten Inazio Mujika editoreari, Andres Iñigo eta Pello Apezetxea euskaltzainei, Etxalekuko idazkari Jon Alemani, Javier Salvarredi berastegiarrari, Martin Urrutia saldistarrari, Iñaki Uranga Artikutzako jerenteari, Aintzane Erkizia lesakarrari, J.J. Etxeberria mediku goizuetarrari, Xabier Taberna argazkilariari eta M.V. Esnaola kontseilari sekretuari; lana saritu ondoan, Bitoriko protokolo mediatikoaren zama bere bizkar hartu zidan arreba Mariani; etxeko guziei, eta bereziki hamaika zalantza argitu didan neure aita xahar itsutuxeari.

    Baina, batez ere zuri, Lurdes, neure ezinaldi eta zitalaldi guzietan zeure borondaterik eta pazientziarik luzeena erakutsi didazulakotz.

    Eta bukatzeko, nola ez, izendatu gabe ere nere bihotzak ongi eskertua zauzkan horri.

    Erabilitako laburdurak:

    AEA: Aranazko Eliz Artxiboa

    DEA: Donostiako Elizbarrutiko Artxiboa

    GAO: Gipuzkoako Artxibo Orokorra

    GEA: Goizuetako Eliz Artxiboa

    GPA: Gipuzkoako Protokoloen Artxiboa

    GUA: Goizuetako Udal Artxiboa

    LEA: Lesakako Eliz Artxiboa

    LUA: Lesakako Udal Artxiboa

    IEAK: Iruñeko Eliz Artxiboko Katalogoa (CADP)

    NAH: Nafarroako Artxibo Handia (AGN)

    (Esno.: escribano, eskribaua, alegia)

    SARRERA GISAKOA

    Egurra pilatzerakoan ez da ikasten,

    baizik eta sua itzaltzerakoan.

    William Butler Yeats

    Gazte denboran, kantari hasteko, aski izaten genuen lagun arteko edozein otordu edo festa. Eta behin eztarriak urratuxe ezkero, atzenerako han hasiko zen baten bat bazterretik: Kantazak Trabukona, hi erreguka, goizuetarra nintzelako edo. Eta ezin ba utzi kantatu gabe:

    Goizuetan bada gizon bat

    deitzen zaio Trabuko.

    Itzak ederrak biotza faltso

    sekula etzaio faltako:

    egin dituen dilijentziak

    berari zaizko damuko.

    Ongi ongi, oroitu adi

    zer egin huen Elaman.

    Difuntu orrek izandu balu

    yarraikillerik Lesakan,

    orain baño len egongo itzan

    ni orain nagoen atakan.

    Nere andreak ekarri zuen

    Aranaztikan dotea,

    Obe zukean ikusi ezpalu

    Berdabioko atea;

    Orain etzuen ark idukiko

    dadukan pesalonbrea.

    Nere buruaz ez naiz oroitzen

    zeren ez naizen bakarra.

    Azitzekoak or uzten ditut

    bi seme ta iru alaba.

    Yaun zerukoak adi dezala

    oien amaren negarra.

    Hunkigarriak, bertsoak. Horrexegatik hartu dizut Trakukoren kanta azterlan honen epigrafetzat, gaurko euskaldunak hortara aisago oroituko duelakoan, nahiz eta izatez Berdabioren bertsoak izan. Eta zenbat aldiz ez ote ditugu kantatu, aurretik edo ondotik, urrutira gabe Ituringo Arotzarenak lagun dituztela. Izanez ere, horren ederki paratu zizkigun Mikel Laboak, hautspetik atera eta, biek elkarren ondo ondoan, lekuz eta orduz, behiala sortu bezalatsu! Inoiz eskertuko ote diogu behar adina?… Gerraondoko euskal kantagintzan, batez ere zaharberritze maitagarri hartan, perlarik xaloenetakoak izan baitziren, bien hala biak ere.

    Beste egun zorioneko batean, artean hain gazte eta berde ez nintzela, Goizuetako elizako artxibora jo nuen. Ez dakit seguru zeren aztarren bila. Eta hango bikario zenak, Don Bixente Hernandorenak, hala esan zidan: Trabukorena aztartu behar zenuke. Ni hasi nintzen, baina

    Eta han atera zidan segituan karpeta urdin bat, bere esku motx azkazal-xabal haiekin idatzitako paper mordoxka batekin. Tartean, kanta honen aztarrenak izan zitezkeenak: Urdallu, Elama, Gotzain, Berdabio eta Artikutza inguruko baserrietan 1800-1850 aldera jaio, bizi eta hildako familien zerrendak, eta abar. Baita papermutur guzien kopiak eman ere. Baina, batez ere, honako jaiotze agiri hauena[1]:

    En la villa de Goizueta a los beinte dias de enero de mil ochocientos y diez, yo Don Ramón Joaquín de Huarte presbítero párroco propio, Vicario de la parroquial de Santa María de ella, y en la misma a las once y media de esta mañana baptizé con bautismo solemne, un niño que a las ocho de media noche nació en la errería de Elama jurisdicción de esta villa, territorio de esta misma parroquia, hijo lexítimo de Martín José de Zugarramurdi, natural de la de Sumbilla, y María Ignacia Juana de Esnao, su muger, natural de Oyarzun, residentes en dicha de Elama, muchos años ha, siendo padrinos Martín José de Echeverria, natural de ésta, y María Josefa de Michelena, natural de Oyarzun, los que le dieron por nombre Miguel Antonio. Abuelos paternos Juan Esteban de Zugarramurdi y Ana María de Espelosín, su muger, natural de la dicha de Sumbilla, y los maternos, Joaquín de Esnao y Sebastiana de Michelena, la suya, naturales de Oyarzun, y Advierto que está muy distante de este pueblo dicha errería: advertí el Espiritual Parentesco y demás obligaciones; y por la verdad firmo yo el infrascrito en Goizueta, fecha y año ut supra. Don Ramón Joaquín de Huarte, Vicario.

    Eta baita Martin Joxepe horren iloba Martin Joxepe Urdailun jaio zeneko agiriaren faksimile hau ere. Nik uste, bere horretantxe ikusteak, lagundu eginen dizula, gero Lekuonatarrek atera zuten Martin Joxepe aranaztar haren bertsoa nondik zetorren igartzeko:

    Lehendik jaiotze agiriokin liluratu samar ibilia zen Don Bixente, baina, etsiak hartzen hasixea, bertsoek ziotenarekin ongi uztartzen ez ziren adar oker franko atera zitzaiolakotz. Hala ere, eta beste inolako argitasunik gabe, Juan Mari Lekuonak bertsoen egiletzat joa zeukan ordurako Elaman jaiotako kreatura hura[2]: "Bi argibide emango ditut: bata, Migel Antonio Zugarramurdi zela bertso horien egilea; eta bestea, hemeretzigarren gizaldikoa zela, 1810eko urtarrilaren 19an jaioa". Lekutan zebilen gure maisu sentibera, lekutan zebilenez, lan hau leitzeko gogorik izaten baduzu, hobeki ikusiko duzunez.

    Ongi gogoan dut bai, arrunt liluraturik nola utzi ninduten Don Bixenteren paper eta argiprintza ilun haiek!… Eta handik aurrera, Trabukoren kanta aditu aldiro, lehen ez bezalako ikasmin ilun batek goibeldua uzten zidan bihotza, zinezko erroak non galduak edukiko ote zituen pentsatzen.

    Geroztik, inguruko aiton amonen batek Trabukoren kontua aipatu ordukotz, han hasiko nintzaion poliki poliki galdezka, hirurehun urteko leize ilun hartatik zinezko argi muturren bat atera nahian. Baina, inondik ezin!… Zer esanik ez, berriz, hargatik edo honegatik, artxiboetara joaten nintzenero. Erne aski bai, begia, Trabukoren arrastorik non azalduko!…

    Atzenean, ikasminak erabat jo eta, etengabe bere atzetik hasi nintzen arte. Eta hasi banintzen hasi, jainko ttikiak bestek ez daki zenbat buruhauste eta atze-aurre ibili izanen dudan geroztik, beste hogeiren bat urtez edo, hara eta hona, kanta xahar honen sustrai bila, maitale liluratua bere guzizko maitearen atzetik bezalatsu…

    Bai, zinez bizi izan ditudan etsialdiak eta pozaldiak, puntuz puntu eta egunez egun kontatu beharko banitu, ez luke sarrera honek izanen kaburik inon, eta hobeko dizut, bideko nekeak neuretzat gorde eta, atzenean pilatu zaidan paper saltsa amorragarri hau ahal dudan txukunen moldatzen saiatu, zinez maite izandako argiaren lilura arrunten itzali baino lehen, printzen bat edo beste zuregana ere ailega dadin.

    KANTAKO GERTALEKUAK

    Trabukoren kanta eta kontuok bertatik bertara bizi izan ditugunok badakigu nontsu gertatuak diren, baina, Euskal Herria, bere ttikian, ez da geure zilborrean bukatzen. Horregatik, nahiz Goizuetako kanta xahar hau Internetez munduko edozein muturretatik frankotan aditu, ez badakizu bere trama non gertatua den, hona argibide batzuk, aurreneko kokapen geografikoa egin dezazun.

    Goizueta

    Aurreneko bertsoa, kantari izena eman diona, honela hasten da: "Goizuetan bada gizon bat/ deitzen zaio Trabuko". Goizuetako lurrak dira, beraz, kanta honen orube. Hantxeko bazterretan gertatuak baitira kantako istilu guziak, eta hantxe bertan bizi eta sentituko dituzu zeuk ere beste inon baino barrenago, Donostiatik Hernani aldera hartu, eta Urumean goiti jo ezkero, erreka handia bera eskuinetik gidari duzula, bazterrik bazter, ola zaharrez ola zahar…

    Zubiaundi Goizuetan.

    Nik esaten dut, Zubieta asko badirela, baina Goizubieta bakarra. Halaxe baitzuen bere izen zaharra Goizuetak, herrian bertako Zubiaundi ederrak eta inguruko beste zubi eder askok emana. Dokumentu zaharretan (829-1243) hala ageri da behintzat[3]: Sancti Sebastiani, Lavain, Goizuvieta, Hernani, Zichurchil, Seiaz, Yraurgi, Errezil, Oyaz ad servitium Pampilonensis ecclesie et nostri. Nola jakin, ordea, goi- hori nork eta nola paratua duen? Nafarroako barren aldetik itsasalderako jendearen etorrerak, edo alderantziz, itsasaldean lehenagotik bertakotuak, erreka handietan goiti barrenaldera zetorrela? Ez pentsa erraza denik hausten. Nafarroa aldetik bertan baitu Zubieta izeneko herria, eta Gipuzkoa aldeko Zubieta ere ez urruti. Historia zale bazara, horra beste aitzakia, kontuok bertagotik ezagutu eta erabaki nahi izateko.

    Eman dezagun, Donostia sortu baino askoz lehenago, Irundik Hernani bitarteko itsasportu zaharren merkatuak bataiatu zuela, eta bataioko sinu huraxe bizi duela oraindik gure goi-zubietak, biziko bada beti betti behar taigabean. Urumeak baitarama Goizueta mundura. Bataiatu zuen ur harexek berberak. Eta zenbat aldiz aditu ote die bere seme-alabei bihar betti biharra nun/nuk, medikutara, lanera, tratura, festara, feriara, merkatura, amodiotara, mundura…

    Zuk, ordea, Donostia aldetik zatozen horrek, alderantziz, Urumea goiti etorri beharko duzu, eta herria baino bi kilometro eskas lehenago, Arragoko erreka Urumeara biltzen den lekuan bertan, ezker aldera, harkaitz gainean eraikitako jauregi eder batekin eginen duzu topo. Alduntzingo Palazioa, menderen mendetan Goizueta ingurua gobernatu zuten alduntzindar haien azken lekuko mutu. Eta gobernatu ere, ez gainera hortik honarako agintearekin[4]: Don Joan Fco. de Alduncin y Vertiz cuyos son los palacios de su apellido merino mayor de la Merindad y Ciudad de Pamplona, alcalde y juez hordinario desta villa de Goyzueta por su magd. en el presente aino 1682.

    Horra nolako boterea zuten gure alduntzindarrok garai hartan. Eta jakin nahi, nondik zetorkien ohorea zuten hori? Bada, begira handik hamar urtera zer jaso zion Martin Zubiri eskribauak goiko jaun merio horrixe berari[5]:

    En la villa de Goizueta a veinte y cinco dias del mes de abril de 1692, Don Joan Fco. de Alduncin y Vertiz, Merino maior de la Ciudad de Pamplona, su Merindad y montañas, como tal (…) y hussando de la grazia y merzed que Su Magd. hizo a Don Luis de Vertiz y sus subcesores, nombra por uno de sus thenientes de merino a Juan Fernando Yrisarri vezino de la villa de Yanci.

    Bertiztik barrena eskuratutako botere horrek ohore pittin bat kentzen dio Alduntzini, baina, tira… horra hor alduntzindar bat jaun eta jabe, Iruñetik Goizuetara bitarte. Nork esan, Nafarroako Gobernuan gaur Goizuetak izan dezaken indarra ikusirik!…

    Alduntzingo Jauregia.

    Egia esan, burdinolen urre aroak sortutako jauntxo haien boterea gainbehera samar zetorrela gertatuak dituzu Trabukoren kantako ixtorioak, baina, aurre hartan eta gerora ere nonahi ageri dira Goizuetako alduntzindarrok inguruko burdinolik hoberenen jabe: Alduntzin, Uharrin, Urdiñola, Eleun, Ibero, Asura, Zumarrizta, Nekue, Zibola… eta beste askotan. Hona horietako baten aipamena, aurreko merio berbera jaun eta jabe ageri denekoa[6]:

    En la villa de Goizueta a quinze dias del mes de abril del año de mil setezs y tres, Don Juan Fco. de Alduncin y Vertiz, Señor de los palazios de su apellido, oco y aguilar Merino maior de la Merindad y Ciudad de Pamplona, dijo (…) que en los terminos de la villa de Leiza tiene propia suia una herreria llamada Sarasain con su casa de avitacion, guerta y el mas pertenecido a ella, y por sentencia arbitraria otorgada entre dicha villa y los dueños que fueron de dicha herreria estan señalados los jarales que se deven tener y reputar por seles en los terminos confinantes a los limites de dicha herreria que son llamados Aizarain, echortola, erroztagaraicoa, errozta azpicoa, lavate, mendibil, y satolaz y en cada uno de los referidos ocho seles para su mejor conservacion y division avia puestos mojones de los quales con el transcurso del tiempo los unos se an sustraido y otros maltratado; por lo qual es preciso poner en los referidos ocho seles y sitios donde antes estaban, mojones nuevos.

    Eta lan horretara Alduntzingo jauna bera ezin etorri denez, Fermin Huizi eskribaua izendatu duela bere ordezko poderedun, Saratsaingo olako sarobe horien mugarriak nola eta non jarri diren, idatziz jaso ditzan xehero.

    Baina, betirakorik ez omen da izaten inor, eta alduntzindar haiek ere hondoa jo atzenerako. Hara nola aditzen omen zuten orduko goizuetarrek Alduntzingo ola zaharren agonia. Aitari etxean ikasia dizut nik. Hiru gabi ari omen ziren atzeneko putzetan, bakoitza ahal zuen bezala. Aurrenekoak, bixienak eta alaienak, hala esaten omen zuen:

    Ari gittuk, ari gittuk, ari gittuk!…

    Bigarrenak, nekea nabariago zuenak:

    Juxtu juxtu, juxtu juxtu, juxtu juxtu!

    Eta hirugarrenak, atzeko zokotik, olio eske:

    Zor truka, zor truka, zor truka!…

    Irakur ezazu berriz, baina Alduntzingo ola zaharren agonia hura ozen errezitatuz. Hala goxatuko baituzu hobeki, gabi hotsen erritmo monotono taigabe hura, orduko jendearen entzumen literario xaloak nola bihurtu zuen hizketa prosodiko miragarri.

    Berdabio

    Bertsogilea hango semea omen zen. Halaxe baitio bertso batean: Berdabioko semia naiz ta, seme fortuna gabia. Beste bertso batean, berriz: Aranaztikan ekarri nuen/ dotiarekin andrea;/ hobe zukean ikusi ez balu/ Berdabioko atea. Basetxe baten izena duzu Berdabio, eta oraindik hantxe dago zutik betiko lekuan. Non dagoen Berdabio hori? Eskuzabal esateko: gure Donostia handia isil isilik urez hornitzen duen Añarbeko Urtegian goiti joanda, Oiartzungo lurrekin Goizuetak muga egiten duen erreka bazter batean. Eta bertaraxego hurbilduz esateko: Eraingo erreka koxkorra Oiartzun aldetik Berdabioko erreka handira biltzen deneko zokoan bertan, urez Goizueta aldetik, errekaren ondo ondoan. Hantxe aurkituko duzu Berdabio, bere belaso eta baratze koxkorra alde banatara dituela. Hamaika zeresan emandako etxea, gauen mendetatik. Etxetik hartutako jendeizen[7] moduan ere, hagitz aspalditik ageri[8] baita deitura: …contra Juan de Berdabio vecino de Leiza, sobre orden de captura por agresión, 1571.

    Auskalo noizkoa den, orduan, etxea, lehengo denboretan burdinola izana. Hala baitio oraino, 1654ko auzi batek[9]: Joanes de Hechagaray de edad de cinquenta y siete años poco mas o menos, casero de la herreria de Verdabio. Ez dut dokumentu honetan bestetan ikusi Berdabio herrería izenez, baina, seguru izan, zenbat eta atzerago jo, orduan eta maizago azaldu baietz burdinola gisan izendatua. Hona askoz lehenagotik non ageri den, inguruko beste burdinolen artean[10]:

    El apeo general de 1590 de bienes de la colegiata aporta un registro pormenorizado de las ferrerias de Anizlarrea y sus censos. Las 17 instalaciones señaladas eran Alduncin, Lasao, Cibola, Goizarin, Articuza, Erausarte, Verdabio, Alçate (todas ellas con 32 florines de censo); Elama, Oarrin (26 florines), Arrambide 24 florines, Aquorola, Urdiñola, Ibero, Egaza, Neque (20 florines), Elleuma (16 florines). Sumaban 398 florines (995 reales de plata).

    Begibistakoa baita, sorreran burdinola izana zela gaurko Berdabio. Ingurua erne aztertzea aski: orain zubia dena baino goitixeago, erreka handian izandako presa zaharraren arrastoak; handik ola zaharrerako kanala izandakoa, etxearen garaikaldetik; haruzko alorburuko meatze hondar egosiak… Joan eta begira erne!

    Baita Berdabiok beti bere izan duen Altzate sonatua ere, gaur oraindik ardiborda dena, burdinola onsko izana zen aspaldi handitik, hor goian adierazi bezala[11]: En el sel de Alzate, de la casería de Berdabio, al no haberse hallado piedra cenizal, existen todavia bestijios de que en lo antiguo hubo en ese sitio una herreria llamada Alzate propia de la casa Berdabio.

    Denboran honuntz etorriz, hara zer jaso zen, berriz, Goizuetako Udaleko Akten liburuan, 1915eko garagarrilaren 27ko batzarrean: …el sr. Alcalde y secretario han conferenciado con D. Daniel Tornero sobre la explotación proyectada del yacimiento de espato cerca de Berdabio.

    Goizuetan ez ezik Iturenen ere bazen, ordea, Berdabio izeneko etxea. Eta nola izaten diren gauzak! Euskal Herriko lau hegaletan hain ezaguna egin den kantak dioenez, San Kristobal urtuta joaleak egin omen zituen Erramun Joakin izeneko arotz hura ere, hain juxtu, Berdabio izeneko etxean jaioa omen zen 1755 urtean, Andres Iñigo euskaltzainak errotik aztertua dizunez. Iturengo Berdabio inork baino bertagotik bizi izan baitu. Hona bere konfiantza osoarekin emandako argitasunak:

    Berez hiru etxebizitza hituen, eta oraindik ere ikusten ahal dituk ateburuko harrietan dituzten zenbakiak: ezkerretik eskuinera, 9-Mariestebanbaita (ahoz Máixtamattià), 10-Irripea (ahoz Irrípià) eta 11-Berdabioa (ahoz Berdábiuà). Nire aitak bere aitonarengandik herentzian Mariestabanbaita hartu zian eta ezkondu zenean (1929an), horra joan huen bizitzera, eta hor jaio gintuan oraindik bizirik garen 9 senideak. Bertze bietan inor bizi ez zenez gero, salgai atera zirenean, nire gurasoek erosi egin zizkiteken, 1954an Irripea eta 1961ean Berdabioa. Nire familiaren etxebizitza Mariestebanbaita izan duk, eta oraindik ere hala duk. Irripean eta Berdabioan lehen behiak, zerriak, belarra, eta abar izaten genitian.

    Iturengo Berdabioko atea eskuinean.

    Eta nondik sortua ote da Berdabio izena? Patxi Salaberrik Berdabiano edo gisako antroponimo baten alde egin dit bere etimologian. Baliteke. Baina, funtsean ezin dut ahantzi kolore berdea. Lintzura edo ibi inguruko meatze-ur berdaxkari ote zegokion aurren berda- hori? Edo, barrenago esan, metal klaseren bati zegokion izen kromatikoa, gero toponimo bihurtua, eta azkenik antroponimo? Jainkoak bestek ez baitaki milaka urtetan koloreen erabileran eta ondorioz izendatzean mineralek izan duten eragin sekulakoa. Beharrik ez dakiten hizketan gure leize zuloetako pinturek!… Atzo bertan leitzen[12] bainuen, nola Urbiola aldean[13], Brontze Aroko hilobia aurkitu duten:

    Esta cueva fue en realidad una mina de cobre utilizada luego como lugar de enterramiento. (…) Lo primero que llamó la atención de los investigadores que visitaron la cripta era la coloración verdiazul que tenían los restos humanos y las cerámicas que había junto a ellos, debido a las sales de cobre que había en su interior, ya que esta brecha abierta en el monte era una mina prehistórica explotada en la Edad de Bronce, la cual fue luego utilizada como lugar de enterramiento, en el segundo milenio antes de Cristo.

    Eta kolore kontu horrexek hutsak, ez ote digu beste guziak baino xuhurrago jasotzen historiaurreko meategi zahar haren aztarna? Sortu ere, nondik sortuak ote dira bada, esate bateko, gure urre (kolorea azken batean) eta urdin izenak? Eta bat batean Goizuetako Urdiñola datorkit burura, paper zaharretan maiz la ferrería de Urdín izenez ageri dena.

    Elama

    Beste bertso batek hala dio: ongi ongi oroitu hadi zer egin huen Elaman. Non ote zen Elama hori? Ba, Goizuetatik Oiartzun aldera Berdabio dagoen bezala, esan liteke Elama nolabait Goizuetatik Aranatz aldera dagoela, Berdabioko errekan behetik goiti joanez, kasik Aranatz aldeko mugaraino igota: Oronozkozubietan Artikutza ezker utzi eta Gotzain aldera hartu; Labetara ailegatzean, segi Elamako erreka goiti Aranatz aldera, eta hantxe aurkituko duzu zerehalaxe Elama, indar handiko burdinola izana, bere errota, kisulabe, bizietxe eta guzi, hurrizpeko huntza eta goroldioak estalixea. Joan den aspaldian erdieroriak baititu bizietxeaz besteko horma zaharrak.

    Eta zer esan nahi ote du Elama izenak? Berdabiorekin batera, jakinen bazenu nolako kargamen poetiko iluna hartua daukan nire bihotzean!… Patxi Salaberri jaunak dio jatorri zeltikoa dutela -ama atzizkia duten euskal toponimo batzuek: Ultzama, Zegama, Behizama, Lezama, Elama… Imajina ezazu, orain milaka urte, basoa besterik ez zen ingurua. Hantxe hasi zaizu gizona aurreneko urre meatzeak lantzen. Eta lantegi aberats harexen inguruan sortu dizu aurreneko elgea ere,

    aurrenenetako larre landua, eta hartatik gero izena ere: Elama = el(ge) + ama, behar bada, Iturrama eta gisakoak bezala. Eta ez al luke sinonimo hagitz hurbila Ultzama = eultzi (ultzi) + ama? Ezetz diola Uxama xahar zeltar hark? Eta zer? Handik hona hainbeste bide ez al da hemendik hara?

    Elaman azkena bizitakoa, Martzelino Loiarte Untxalo, eta Julia Salaberria Loiarte, 1928an. Martzelino 1882an jaio zen Elaman, eta 1910an Ameriketara joan, han 18 urte egin, eta atzera etorri zenean, Julia ilobarekin ezkondu. Goizuetako Paskoltzenen bizitu ziren gero. Hauen semea da Paskol amerikanoa, argazkia utzi didana.

    Zena zela, Goizuetako udal artxiboan eta Iruñekoan, etengabe egiten da Elamaren aipamena, auskalo noiztik hasi eta gaur egunera arte. Nik aurkitu dudan aipamen zaharrenetako batek hauxe dio, 1429ko apirilaren 12an Goizuetan sinaturiko eskuizkribu zahar batean[14]: Escritura de censo, otorgado por Martín de Goizueta, dueño de la ferrería de Elama, en favor del hospital de Roncesvalles, debiendo pagar anualmente 26 florines por la licencia para cortar leña y hacer carbón, y para gozar de los pastos. Ordurako aspalditik lanean ari zen beraz gure burdinola sonatua, eta baita handik ehun urte iragoxetan ere, Yanguas y Mirandak berak honela baitio bere hiztegi ezagunaren eranskinean: Ferrerias. Las que existían en Navarra, en el año 1535, son las siguientes: En Goizueta: Alduncin, Articuza, Cibola, Elama, Goizarin.

    Eta hain xuxen, Yanguas y Mirandak aipatzen duen urtean, 1535ean, Juan de Elizalde lesakarra zen ferrón de Elama. Handik hamar urtera, 1546an, Juan Garbisu, ferrón oficial de Elama; 1567an, berriz, aurreko bi olagizonak, Elizalde eta Garbisu, dueño y heredero de Elama; 1577an Catalina Perez de Ambulordik media ferrería de Elama y menera de Escuchola saldu zituen[15].

    Irakurri zahar samarra dudan beste liburu batean ere, hamaika bider egiten da Elamako burdinola handiaren aipamena[16]:

    En 1678 se inició la construcción de la iglesia de Articuza, donde apenas había habido hasta entonces tres casas y la herrería. Se pretendió además que Goizueta colaborase en la edificación. En las mismas fechas 1680 se arrendó la herrería por 84 reales y Elama por 65 reales de plata al mismo censatario.

    (…)

    Pero el bajo censo no guardaba correspondencia alguna con el precio de la venta del usufructo que se realizó en 1680 (9000 reales). Esta irrisoria cantidad debió de animar a la colegiata en 1759 a recuperar el usufructo para alcanzar con posterioridad un censo más adecuado, pero la cantidad (80.000 reales) exigida por la arrendataria Francisca Dubois, sin duda una heredera de Felipe Dubois, frustró el proyecto, porque todavía en 1833 se mantenían los 65 reales de plata de censo.

    Urrutixko joan ote naiz? Laurehun urte irago baititut istant batean. Dena dela, gero ikusiko dituzu kontu zahar gehiago, izen ederreko burdinola honi buruz, eta ez nadin hemen sobera luza.

    Aranatz

    Beste bertso batek esaten du: "Nere andreak ekarri zuen Aranaztikan dotea". Hango alaba zuela, alegia, Berdabioko bertsogileak andre. Elamako lurrek muga egiten dute Aranatzekin, eta han, Ontseneko Inaxi Iparragirre amonak esana dizut:

    Elama ortxe da bertan Aranztikan. Ta oroitzen naiz gure atta zenak nola erraten tzun: "Elama gañeku aizi ori urruxa[17] da, orrek botatzen du". Gure atta zena Ayenstarra baitzen, han Ayentsan[18] yayua ta aziya; ta ori errateko kostumbria zun: Elama aldeko aizia urruxa zela, euria botatzen tzula erruz.

    Ezaguna dute, beraz, Elama aldeko haizea Aranatzen, batik bat, Aientsa aldekoek. Baina kanta honetako kontu gehiagok ere eramanen zaitu gero Aranatzera. Beste bertso batek aipatzen dituen azitzekoak or uzten ditut bi seme ta iru alaba haiek ere, nahiz Berdabion jaioak izan, Aranazko elizan bataiatuak izan baitziren denak.

    Lesaka

    Beste bertso ilun batek, berriz, Lesaka aipatzen digu: …"difuntu orrek izandu balu/ yarraikillerik Lesakan/, orain baño len, egongo itzan / ni orain nagoen atakan". Badirudi hangoren bati bizia kendu eta, ixilpean gordea zuela Trabukok.

    Eta ez hori bakarrik. Gero ikusiko duzu Lesakako elizan egindako lapurreta bategatik izan zirela aurren aurrenekotz Goizuetako kartzelan sartuak kanta honetako protagonistak, eta delitu hori aski ez, han bertan zeudela, diru faltsu egiletzat salatu eta, handik hurrena Iruñeko kartzelara eramanak.

    Kontuak hola, kanta honetako pasadizoak, Goizuetatik Artikutza alderako baso ilun horietan gertatuak dituzu, labur esateko, alde batera Errenteria eta Oiartzun, eta bestera, Aranatz eta Lesaka dutela muga.

    KANTAKO GERTALEKUEI DARIEN LILURA

    Baina Berdabio eta Elama aldeko baso ilun horietan, batez ere meatzetan hain aberats izatean, zinezko erroak dituzten elezahar liluragarri asko sortu eta jaso dira, menderik mende, elkarren gainka nahasturik gureganaino iritsi direnak. Hara, On Manuel Lekuonak, bere Tesoros Legendarios idazlanean[19] dakarren pasartea:

    Se asegura que en la pradera debajo de Errolbide hay una mina de oro puro, cuya bocamina está tan a flor de tierra, que todos los días le tocan con su hociquito las ovejas del caserío Portuberri, pero que al propio tiempo es tan oculta a los ojos de los hombres, que hasta la fecha nadie ha dado con ella. Sólo un hombre poseyó su secreto. Y de él se añade que con el rico metal acuñaba moneda, y con aquella moneda iba su hija al mercado de Bayona a realizar compras. Y que una vez llevaba la moneda tan recién acuñada, que se le notaba el calor del crisol, y a la observación de aquel calor tan extraño, ella contestó inocente, que su padre la había acuñado y que acuñaba cuantas quería.

    Bai, niri ere prosaiko samar iruditzen zaidan berokontu apainegi horrek, Berdabioren kantarekin lotzen gaitu, eta berokeriak aparte, ez dirudi kontu hutsa zenik. Laster ikusiko duzunez, Berdabioren kontuok baino berrehunen bat urte lehenago, hala jaso baitzuen Esteban Garibaikoak, bere Compendio Historial sonatuan, Nafarroako lur ondasunei buruz ari zelarik: En el rio Vrumea, y en el de Goyçueta, que pasa por Arranbide, y los montes de Arano se coge muy fino oro, y a vezes en cantidad, especialmente en los meses de Iulio y Agosto, hasta venir los franceses de la ciudad de Bayona a cogerlo.

    Berdabioren istiluak irago eta berehala, 1756 aldera berriz, hala idatziko zuen Aita Manuel Larramendik, Gipuzkoako Corografia ezagunean, Urumea ibaiaz ari zela:

    Es navegable más de dos leguas, desde el puente de Santa Catalina hasta algo más arriba de Eriñozu, y en alas o gabarras chatas y anchas suben la vena para las ferrerias del Urumea, y bajan el hierro forjado a San Sebastián. (…) Baja también de tierra adentro el maderamen necesario para los bajeles, al puerto de Hernani; y aquí por el río, más abajo de Astigarraga; y allí, por tierra, hasta la Herrera del Pasaje.

    Ereñozu, etxalde zaharra.

    Ez da ordea beti erraza jakiten, urez edo lehorrez noiz garraiatzen zuten, non eta kontuetan lorreko edo bastako abere bazken aipamen zehatzik egiten ez den. Nik uste, batez ere egurje handia, urez egiten zutela. Errekaz erreka, alegia, Urumea beheiti. Behin baino gehiagotan ikusia bainago Ezkurrekoak, eta endemas Ollingo olajaunak, Goizuetako herriari baimena eskatzen, egurra Errekaundian barrena jaisteko. Eta ez olajaunak bakarrik, baita olandreak ere. Hara Goizuetatik behera irago zuten Barbara Zuburi olandrearen Ollingo egurraldi handi baten 1678ko aipua[20]:

    Que Joanes de Vidarraya dicho Noblea y dueño de la casa de Mariondo paso por esta villa cierta cantidad de duleria en troncos o tablas a cuyo tiempo estuvo de posada en casa de Luisa de Recalde, (…) y aunque dicho Noblea quiso darle en espezie de duleria, Juanes de Lazcorret, sastre residente al tiempo en San Sebastian natural de labort en la bajanavarra le embargó toda la duleria que el dicho Noblea conduxo al Puerto de Ereñozu.

    Nola garraiatu ote zen egur hori, urez edo lehorrez? Ezin dizut esan. Dena den, horra hor aspaldiko bi garraiobide: ur bidez Ereñozu, Hernani, Donostiako porturakoa, eta gurdibidez Oiartzun, Errenteria, Pasaiako porturakoa. Edo Baionarakoa. Baina zaude. Hiru aldiz agertu zaizun duleria hori zer ote zen juxtu. Azalduko dizut.

    Don Lorenzo Larreta y Gamarra zenaren alargun Doña Agustina Irisarri señorak, bere basoetan egiten ari zen kalteak ordaintzera, Zibolako dorretxera ekarrarazi zuen, 1702ko buruilaren 7an, Pedro Mutuberria basolari eratsundarra; aldez aurretik Jakobe Zarandia alkateari eskatua baitzion: bidaltzeko laster batean Martin Arretxe almirantea haren bila. Eta baita joanda ekarrarazi ere, kuzkur demonio mutila[21]: por aber cortado cantidad de jaral en los terminos desta villa de Goizueta para conducir al lugar de Zubieta para espartar cantidad de duelas que las estan haziendo en los terminos de la villa de Beinzalavayen.

    Ageri denez, Goizuetakotik bota, handik Labaingora pasa eta, Zubietara ateratzen baitzuen erantsundarrak, zuzenbidez dena Zibolarako behar zuen egurra. Baina, bai agudo harrapatu ere jabeak tranpan. Gero egin zutena egin, ez ote dira duela hori eta aurrekoan hiru bider azaldu den duleria hura, ohol klase berexiren batzuk izanen, kupelgintzakoak edo? Nola ulertu bestela espartar hori? Honatx Wikipedia zorionekoak argitu didana: Duelas: cada una de las tablas convexas que forman el cuerpo de la barrica. Eta zenbat holako hitz zahar ote da gure aurrekoen ahotan Ameriketaraino joan eta, hemen baino askoz hobeki gorde dena? Baina jokatuko nuke oraindik, hemen ere baietz harrapatu hiztun xahar bat baino gehiago, kupelgintzako oholei duelak deitzen (Ikus 167 orrian P. Zabaletak dioena 24. oin-oharrean). Eta bukatzeko: erdarazko duela eta euskarazko ohola ez ote dira noizbait erro bereko izanak? Ez dakit, nik senide sumatzen ditut, nola fonologian hala semantikan.

    Baina bihur nadin Urumea aldeko urrebide zaharretara. Berdabiotik urrutira gabe, hortxe baitira Urraide izeneko etxea, Urraideko Zubia, edo Urraideko Lepoa lekuizen zahar askiak, eta horiek bai ez direla elezahar huts, edo letratu liluratuen asmakeria!… Euskal filologia pittinen bat dakienak bai baitaki Urraide horrek, izatez urrebide[22] esan nahi duela. Urrea merkatura ateratzeko bidea, alegia. Eta horretarako, ikusia nago[23] nola Goizuetako herriak aspaldiko usarioa zuen Iberoko Zubitik Urraideko Zubirainoko errepidea herrilanez konpontzekoa[24]:

    A efectos de avenidas de aguas, aviendose desecho en un estado fatal los caminos reales de la jurisdicción de esta villa de Goyzueta, desde el puente llamado Ibero asta el que nombran Urraide, por quejas de viandantes se an visto precisados a ocurrir a su reparo empleando el vecindario en haber concejil y a los peritos menaqueros y otros con el jornal de tres reales cada uno y llebado cuenta puntual de ello importa su coste 120 reales.

    Bi zubion arteko bide handia goizuetarrek zaintzen zuten, baina zubiak berak, erdibana. Iberokoaren erdiz haruzkoa leitzarrek, eta Urraidekoaren erdiz harakoa Oiartzunek. Horregatik bi zubi hauei Puentes Comunes deitzen zaie Goizuetako dokumentu zaharretan. Hara 1730ean Urraideko Zubia berritu zeneko kontu batzuk[25]: Urraide y Marzo 9 de 1730: Aranzel que forman Ygnazio de Lecuna y Fermin de Erviti menor, personas diputadas por el Valle de Oyarzun y Villa de Goizueta de las obras y reparos que se deven hazer en el Puente Comun de Urraide.

    Luzexko ez bada, zubiak zer nolako neurriak zituen, eta nolatsu egiten zen, irudipen bat egiteak ere, ez dut uste kalterik eginen dienik zure zentzu argizale jostari horiei:

    Urraideko zubia.

    Primeramente se aia de poner sobre la Ardia principal un pedazo de Madero que tambien sirba de ardia que alcanza y llegue de largo asta las dos Zinguñas con un apeo o poste que reziva el primer iugo Uztarria ô Usquerricoa con una buena Chinela que sea de largo tres codos y de grueso ocho u doze onzas.

    Yten desde el dicho primer iugo o Uztarria se le aian de poner al principal dos apeos de a dos codos de largo y de grueso ocho y doze onzas, en distancia de dos onzas=

    Yten asi mismo se a de poner un trabesaño y una Carela que sirba de Caja para que se mantenga la tierra; catorze codos de largo y ocho y diez onzas de grueso=

    Yten que el antepecho o carela superior aia de rezibir desde la primera carela quatro apeos: los dos nuebos y los otros dos usados=

    Yten que al antepecho de la parte interior se le aia de dar un postezito sobre el trabesaño nuebo todo lo qual se a de obrar en la parte correspondiente a la jurisdizion de Oyarzun=

    Yten que a la ardia se le an de dar dos clabos de a libra en los dos estremos como tambien los clabos nezesarios a los punzones y Carelas volviendo a terreplenar dicho puente como al presente se alla=

    Yten quedan señalados en la jurisdizion de Oyarzun los maderos nezesarios para esta obra la que reputan se debe azer por diez pesos escudos prebeniendose que no entra en ellos el jornal de ambos ofiziales=

    Horra hor Urraideko zubiaren Oiartzun aldeko erdia berritzeko kontuak. Euskarazko hitz eder franko ere agertzen da. Besteak beste, inork eman ote du zingu(i)n horren esanahi zehatzik? Edo erro berbera duten Zinkunegi, Zikuñaga toponimoen etimologia tajuzkorik? Botanikatik atera gabe, "Peru gurea Londresen / zingun bedarrak ekarten" dioeneko baladaren kantaera bizkaitarra ekarri dit niri gogora. Dena dela, noiznahi azaltzen da, eta garbiro gainera. Hona Olaberriko kontuetan beste aipamena, hitz berbera garbi aski ageri denekoa[26]:

    Ocho reales a Miguel de Apezechea jurado por el travaxo que hizo en traer de ezaztondo a la herreria desta villa un madero llamado uztarria con su zinguna con tres yuntas de bueyes, y desde Zibola a la dicha herreria tres maderos que se pusieron en la antepara de dicha herreria.

    Eta nago zingun < zinkun honen erdal ordaina cigüeñal ote den mekanikan. Baina hona nere zalantza: hegaztiari edo zugaiztiari (zurajeari) ote dagozkio Zinkunaga, Zinkunegi bezalako toponimoak?…

    Begi bistakoa dena, ordea, zuraje honen jatorrizko izenetik datorrela gero zingun-zangun bikoiztua[27], bi hauspoei eragiteko zuraje honen mugiera bikoitzagatik, errepika onomatopeiko gisan sortua. Eta erro berbera dizu zingulu-zangulu hitzak ere, nondik sortua den Goizuetako zangulu (erd. culumpio) hitza. Horra aztarna eder askoak, ola zahar haietako mekanismo eta hots nabarrek gure hiztegi erotikoan izan duten eragina argitu nahi izatera. Oroit lehengoa, Peru gurea Londresen zingun bedarrak ekarten den bitartean, nola libertitzen den emaztea auzoan: Daigun jira bi Maria/ Zingulu-zangulu Maria!… Zeinen ederra analogia zahar eta fonologia gozo hori!

    Eta Urraideko zubiko zurajetan azaldu den ahardi horren ifrentzu, torizu ordotsa, garai bateko zurgintzan maiz ageri baita hitz pare sexuala; eta testigurik nahiko bazenu, hona bat, Goizuetan 1729an Olaberriko presa berritu zenekoa[28]: Codos de maderamen que se deven entrar en la presa: Ordosas: 9 de 12 codos, 9 de 10 codos… / Ardias: 4 de 40 codos, más 3 de 40 codos, y una de ellas aia de servir de galdurra. Ez ote dira euskal lexiko zaharreko ahardi / ordots horiek, egungo matxunbratu (macho hembra-tu) hitzaren ordezko izanak gure zurgintza zaharrean? Nik baietz uste.

    Guk harrizko zubi eder ezagutu ditugunok, badirudi orduan oraindik zurezko zirela. Halatsu Gotzaingoa ere, 1731n, hango olajuan Antonio Iriburrun zela, bere suhi Juan Martinez de Minondo jaunak egina[29]: Se fabricó el puente de Goizarin enteramente de madera en cuia obra se ocuparon sesenta jornaleros carpinteros a quatro reales cada, y treze juntas de bueies en el acarreto de los maderos a seis reales la junta.

    Zurezkoa bai, baina ez nolanahikoa, kontu horietatik igarri dezakezunez. Baina zurezko zubia nahi baino lehen hondatzen nonbait, eta taigabeko langite eta gastu izugarri haiekin aspertuxe zirenean, harrizkoa egitea erabaki zuten Urraideko zubia, 1737ko apirilaren 23ko batzarrean Goizuetako Kontseju zaharrean, Azoka izenekoan. Eta hara noren diligentziak zirela medio[30]:

    En dicha junta se leio una carta de D Miguel Antonio Alduncin cuio es el palazio del lugar de Erasun y la Cassa Thorre de Zibola supscrita en Oyarzun a dies y seis del corriente, por la que se insignua que dicho Valle desea con complazencia desta villa se aga el Puente Comun del Camino Real de Urraide a cal y canto con igual gasto a remate y candela respeto de que a madera heran exiorvitantes y exasivos los gastos que se originaban a cuia representación se resolvio un animes y conformes que así se executase y se diesen para ello las providencias necesarias con intervención de Miguel de Huizi cantero y Fermin Erviti menor.

    Bai, Gipuzkoa aldeko mugazubi printzipala izan du Goizuetak menderen mendetan Urraidekoa, eta bestea, Iberoko zubia, Nafarroa aldetik. Honen berritze lanak ere Urraideko zubi egurrezkoa baino lehentxeago eginak zituzten, bi herrietako ordezkariak hantxe bertan bildurik[31]: En el puente de Ybero comun de las villas de Goizueta y Leiza a los diez dias del mes de Noviembre del año 1729.

    Goizuetatik, hain juxtu, aurrexkoan aipatu D. Miguel Antonio Alduncin horixe bera, eta Leitzatik D. Miguel Villabona, bietako alkateak bildu ziren, eta baita Bauptista Apabolaza zesionario de Martin Josef Hunchalo hargin giputxa ere, eta 158 dukatetan, pagados por dichas villas, garbitu kontuak. Aldez aurretik, Apabolaza alegiarrak esanda, Huntxalo goizuetarrak subastan bereganatua

    Enjoying the preview?
    Page 1 of 1